XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sistema ekonomiko baten baitan gertatzen diren erosketa eta salmentak errazago azaldu eta ulerterazteko, ontzat ematen da sistema itxia delako eredua.

Hala ere, eredu hori, eredu teoriko bat besterik ez da.

Izan ere, sistema ekonomikoak ez dira sistema itxiak, irekiak baizik.

Termino honekin adierazi nahi dena zera da: sistema ekonomikoak elkarrekin loturik daudela; alegia, etengabeko merkatal harremanak izaten dituztela elkarren artean.

Dakigunez, guk kontsumitzen ditugun artikuluak ez dira guztiak hemen bertan egindakoak.

Atzerritik ekarritako kontsumogaiz josita daude gure inguruko saltokiak.

Baina, zergatik gertatzen da horrela? Benetan onuragarri gertatzen al da kanpo-merkataritza? Eta, zein da onura horren iturria? Herrialde batek ez al luke abantaila handiagorik lortuko behar dituen kontsumogai guztiak berak produzituko balitu?.

Herrialde batean gertatzen den gizabanakoen arteko elkartrukea espezializazioan oinarritzen da.

Gauza jakina da hori.

Langile bat lan jakin batean espezialtzen bada, etekin handiagoak aterako ditu lan-mota desberdinetan ihardunda baino.

Bere premiak asetzeko behar dituen artikuluak erosi egingo ditu eta, gainera berak egin izan balitu baino merkeago.

Jo eta ke ihardunda produzituko lituzkeen baino artikulu eta zerbitzu gehiago lor ditzake horrela.

Baina, estatu-mailan, zergatik ez produzitu behar den guztia?.

Zein da nazioarteko elkartrukearen funtsa?.

lzan ere, nazioarteko merkataritza begien aurrean dugun errealitatea da.

Herrialde guztiek eskuhartzen dute, modu batera edo bestera, elkartruke horretan.